viernes, 26 de mayo de 2017

BIZKAIKO KANTU TXAPELKETA

EUSKAL KANTU TXAPELKETAKO BIZKAIKO FINALA HARTUKO DU GERNIKAK, DOMEKAN


Domekan, Euskal Kantu Txapelketako Bizkaiko finala hartuko du Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak. Lau urtetik behin egiten den txapelketa da, eta etorkizuneko euskal kantugileen zubi lana egiten du. Guztira, hamasei parte hartzaile izango dira, eta horiek banaka, binaka zein taldeka parte hartuko dute.
Gaur Elai-Alai aretoan bildu dira Ricardo Abaunza Kultur Etxeko zuzendaria, Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotzia eta Juanjo Zelaia Euskal Kantu erakundeko kidea, domekako saioa aurkezteko. Azaldu dutenez, 12:00etan hasiko da Euskal Kantu Txapelketako Bizkaiko finala, eta bertaratzea doanekoa izango da, inongo sarrerarik erosi beharrik gabe.
Euskal kantagintza zabaltzea eta erakustaraztea du helburu, besteak beste, aipatu txapelketak. Halaber, kantatzeko zaletasuna piztea eta kantari berriak plazaratzea ere bilatzen du. Hala, «paperetan galtzear dauden edota ia ahaztuta dauden kantuak gogoraraztera» dator aurten ere, Euskal Kantu Txapelketa.
Hain zuzen, bere izenean euskarazko diskorik ez daukaten abeslarien ahotsaz eta musikaz gozatu ahalko du domekako hitzordu horregaz bat egiten duenak.
Banaka, binaka eta taldeka
Parte hartzaileak hiru sailetan banatuta lehiatuko direla jakinarazi dute gaurko aurkezpenean: banaka, binaka edo taldeka parte hartuko dutelarik. Kantu motaren arabera ere sailkatuko dituzte parte hartzaileak: batetik, kantu ezagunak abestuko dituzte, eta, bestetik, kantu berriak. Azken horretan, bai letra eta bai doinua izan beharko dira berriak.
Sail bakoitzeko lehenengo hiruren artean banatuko dituzte sariak: irabazlearentzako txapela eta garaikurra eta bigarren eta hirugarren egiten dutenentzat garaikur bana. Sari horiez gain, baina, puntuazio orokorra kontuan hartuta ere banatuko dituzte sari nagusiak: irabazlearentzako 500 euro, bigarrenarentzako 300 euro eta hirugarrenarentzako 200 euro.
Azkenik, sari bereziren bat eskuratzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek, honakoak ere sarituko baitituzte: kreazio hoberena duenarentzat garaikurra, galtzear dauden kantak berreskuratzeko lanari garaikurra eta ahots hutsez abesten duen onenari garaikurra.
Gaurko aurkezpenean Zelaiak aipatu duenez, finaleko epaimahaiak parte hartzailearen doinua, hitzak, ahotsa, trebetasuna eta adierazkortasuna hartuko ditu kontuan irabazleak hautatzerakoan.
Hala, domekan ospatuko den Bizkaiko final horretatik lau parte hartzaile aukeratuko ditu epaimahaiak, eta horiek Euskal Herriko finala lehiatu beharko dute Bilboko BBK Salan, ekainaren 3an.

Gandasegi eskolako ikasleak parte hartuko dute lehiaketan. Hemen daukazue abestuko duten abestia.
Begiratu zein ongi abesten duten gure gelako neska-mutilak:



2 comentarios:

  1. Niretzat oso ondo egin duzue neskak eta mutilak zorionak

    ResponderEliminar
  2. Benetan ahotz oso ona daukazue, ni ez naiz kapasa hori abesteko. Bi ahotzak batera oso polito geratzn da. Benetan ZORIONAK!!!

    ResponderEliminar