Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaidatz Txikia' sariak eman dizkie Bizkaiko zortzi ikasleri. (BFA) |
Bizkaiko Foru Aldundiak hirugarren urtez banatu du «Bizkaidatz Txikia» haur eta gazteentzako literatura-saria, Bizkaiko haur eta gazteen artean literatura-sormena sustatzeko. Andoni Iturbe Kulturako zuzendari nagusiak parte hartu duten guztiak zoriondu ditu, eta, bereziki, edizio honetan saria lortu dutenei.
BILBO. Hauek dira aukeratutako kontakizunak idatzi dituztenak: Maitane Torrado, Andere Garabieta, Enara Luis, Irantzu Gomez, Nahia Aldamizetxebarria, Aiala Garabieta, Malen Ormaetxea eta Aitor Echevarria.
Lehiaketaren bidez, irakurri eta idazteko zaletasuna sustatu nahi da. Bi kategoria daude: haurren kategoria, lehen hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, eta gazteen kategoria, bigarren hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasleentzat.
Parte hartu dutenen erronka izan da bi idazlek hasitako kontakizunak garatu eta amaitzea. Idazle horiek obra horien lehen orrialde idatzi dituzte; gaztelaniazkoa, Laida Martínez Navarroren «El caso de sopapos y su banda de matones» izan da, eta euskarazkoa, berriz, Xabier Olasoren «Paul eta sorginkeria-liburua». Parte-hartzaileek, 4 edo 5 orritan, beren sormen-lanak jaso dituzte eta kontakizun horietan azaltzen diren pertsonaiak eta egoerak garatu dituzte.
Bizkaidatz Txikia lehiaketa orain dela hiru urte sortu zen, gazteenen artean idazteko eta irakurtzeko gogoa pizteko. Urterik urte, gehitu egin da partaide kopurua: 2015ean, 186 kontakizun aurkeztu ziren; 2016an, 194 (90 euskaraz), eta, 2017ko edizioan, 266 kontakizun aurkeztu dira; haietako 134, euskaraz. (DEIA egunkaritik hartuta)
No hay comentarios:
Publicar un comentario