Vietnameko uholdeek 21 hildako eragin dituzte gutxienez
Gutxienez 21 lagun hil dira uholdeak pairatzen ari diren Vietnam erdialdeko lau probintziatan. Horrez gain, milaka pertsonek euren etxeetatik alde egin behar izan dute.
Asteazkenean hasi ziren eurite handiak, eta horien ondorioz milaka pertsona elikagairik jaso gabe geratu da; izan ere, trafikoa eten behar izan dute herrialdearen iparraldearen eta hegoaldearen artean. Hala eman du jakitera gaur Vietnameko gobernuak.
Biktimetako 15 itota edota elektrokutatuta hil dira Quang Binh probintzian, eta beste sei gainerako probintzietan zendu dira. Horrez gain, 30.000 etxebizitza urez beteta daude, 50.000 pertsonari abegi egin behar izan diete eta beste 100.000 kaltetutako herriak utzi egin behar izan dituzte.
Ehunka turista atzerritar ere aurrerabiderik gabe geratu dira, 22 tren eta hainbat hegaldi bertan behera geratu baitira.
Gainera, Txina itsaso hegoaldean sortu den Sarika ekaitza Filipinetatik gertu dago une honetan, eta Vietnameko egoera larritu dezake.
No hay comentarios:
Publicar un comentario